Edukira joan

Goierriko Hitza

Ezkio-Itsaso
2008ko urriak 12, Igandea

;2008-07-23;JAIA. Madalenak bezain goxo Alegian

Madalenak bezain goxo Alegian

Ezkio-Itsaso Madalena eguna kostaldean entzute handikoa bada ere, barruko Itsason ere badu oihartzuna, Alegia auzoan.

e. imaz -- a. maiz

Lotura bat baino gehiago dituzte Itsasok eta Alegiak kostaldearekin. Kizkitzako baselizan amabirjina itsasontzi gainean dago; itsas-argia ere keinuka aritzen da, itsasoa urruti (baina bistan) egon arren. Eta arrantzaleen zaindariaren egunean, Madalena egunez, ospatzen dute Alegian urteko festa.

Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi udalerrien artean dago banatuta Alegia. Hiru herritako bizilagunak daude metro gutxiren barruan, baina alegiar izaerari fin eusten diotenak. Atzo ikusi ahal izan zen auzoari dioten estimua. Goizean adinekoek, arratsaldean haurrek eta arratsean helduek, guztiek parte hartu zuten festan.

Mezaren ondoren Gabiriako Goruntz taldeak dantza saioa egin bezain pronto prest zituen Tomas Maiorak hamabitakoa egiteko jakiak: salda, haragi egosia, eta aurtengo plater izarra: tripakiak. Zelai Ondo elkartean prantatu eta frontoiaren itzalpean jan zuten.

Arratsaldea, sagardoz blai

Hamabost sagardotegitatik inguratutako 400 bat botila hustu ziren atzo arratsaldean Alegian, sagardo dastaketa jendetsuan. Auzotarrak aritu ziren lanean, inguruko herrietatik joandakoentzat edaria ateraz, plazan, aire librean.

Aurretik haur jolasen aitzakian bete zen Alegia; eta gauean hutsik egiten ez duen hitzordua: Joselu Anaiekin dantzaldia, bigarrena.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.