Edukira joan

Goierriko Hitza

Ezkio-Itsaso
2008ko urriak 11, Larunbata

;2008-07-23;KIROLA. ´Ondo pasatzea eta ahal dudanetan aurrean ibiltzea dira erronkak»

jaione sasieta ðKirolaria

«Ondo pasatzea eta ahal dudanetan aurrean ibiltzea dira erronkak»

Kirola Jaione Sasieta kirolariak aurtengo denboraldian mendi lasterketetan lan bikaina egin du; orain oporraldia hartuko du atseden hartzeko, azken probaren ostean.

estitxu imaz

Jaione Sasieta Ezkio-Itsasoko kirolariak mendi bizikletako lasterketetan parte hartzen zuen lehen. Orain, aspalditxoan, mendi lasterketetan dabil, ia beti bere anaia Gorkarekin batera. Biak sasoi betean daude, gainera. Joan den asteburuan, esaterako, Ultra Trail Aneto proban gizon-emakume osatutako talde mixtoen sailean Sasieta anai-arrebak izan dira nagusi. Denboraldi bikaina egin du Jaione Sasietak.

Mendi lasterketa ugaritan parte hartu duzu. Azkenekoa joan den asteburuan bertan. Zer moduzko denboraldia daramazu?

Nahiko gustura nago egindakoarekin. Egia esan orain bi urte baino denbora txarxeagoak egin ditut lasterketetan, baina hala ere nahiko gustura nago.

Orain mendi lasterketekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Momentuz atseden hartzeko asmoa dut. Hanketatik nahiko justu nabil eta ondo etorriko zaidala uste dut. Orain udan mendi bizikletan bueltatxo batzuk emango ditut, Itsason mendi bizikletan zeharkaldi bat egin ohi dugu eta bertan parte hartzeko asmoa ere badut. Eta horixe, ea hankak deskantsatzen zaizkidan.

Entrenamenduei dagokienez, intentsitatea jaitsi egingo duzu edo utzi egingo diozu entrenatzeari?

Entrenatzeari bere zentzu itxian utzi egingo diogu orain, bai. Dena den, mendi bueltaren bat edo beti egin ohi dugu. Haurrekin ere joaten gara mendira. Geldi ezer egin gabe ez gara egoten.

Bat-batean dena uztea ez da izango ona osasunarentzat, ezta?

Ez, ona ez da. Beti zerbait egiten ohituta gaude, eta nahiz eta beste erritmo batean izan geldi ez gara egoten.

Lehen mendi bizikletan ere ibilia zara.

Bai, mendi bizikleta lasterketetan korritzen nuen. Lehen haurra izan aurretik utzi egin nuen.

Nola eman zenuen bizikletatik mendi lasterketetarako salto hori?

Egia esan kasualitatez izan zen. Zegama-Aizkorri korritzeko gogoa sartu zitzaidan. Anaia irten zen urte pare batean eta niri ere ilusioa egiten zidan. Parte hartu nuen behin eta azkenean beste lasterketa guztiak korritzen bukatu dut.

Kateatu egiten al du korrika egite horrek?

Bai, ni bai behintzat. Mendi bizikletan ibiltzeak zailtasun gehiago du gainera, materiala behar izaten baita. Mendi lasterketan parte hartzeko oinetakoak eta praka motzak janztea nahikoa da. Errazagoa da prestatzeko.

Kirol alderdiari dagokionez, txirrindua ala korrika; bietatik zein duzu nahiago?

Ez dakit, ba. Biak. Orain urte batzuk mendiko bizikletan gustura ibiltzen nintzen eta orain mendi lasterketetan ere pozik nabil. Aukeratu beharrik izan gabe, biekin geratuko nintzateke. Hori bai, bietan batera lasterketa mailan ez nintzateke ariko. Mendiko bizikletan egin nituen lasterketak-eta utzi nituen. Orain beste maila batean ibiltzen naiz.

Mendi lasterketak prestatzeko noiz entrenatzen duzu?

Batez ere asteburuetan entrenatzen dut, eta astean zehar astia hartzen dudanean. Egun batean bi edo hiru orduko entrenamendua egiteko aukera badut aprobetxatu egiten dut. Bestela ordubete ahal badut ordubete hartzen dut, eta ezin dudanean, bada, batere ez.

Anaia, Gorka, zure alboan ibiltzen da mendiko lasterketetan. Entrenatzen ere elkarrekin aritzen al zarete?

Asteburuetan askotan bai, baina astean zehar bakoitza bere aldetik ibiltzen da, ordutegi desberdinak baititugu.

Lehiaketetara elkarrekin joan eta une guztietan elkarren ondoan ibiltze horrek babesa emango du, ezta?

Anaia gehiago ibiltzen da ni baino, eta joan daiteke azkarrago. Baina niri laguntzeagatik-edo beti ondoan joaten gara. Egia esan alboan norbait duzula hobeto joaten zara. Gainera antzeko ezaugarriak ditugu.

Zein ezaugarri dira horiek?

Beheraka nahiko ondo moldatzen gara, goraka larriago eta korrika gutxi egin behar den lekuetan ere hobeto ibiltzen gara.

Bi mutikoren ama ere bazara. Nola uztartzen dituzu lana, ama izatea eta kirola?

Erraza agian ez da, baina azkenean moldatzen naiz. Senarrak ulertzen du egiten dudana eta bion artean moldatzen gara.

Mendizaletasunaren kontzeptua aldatu egin dela esan al daiteke? Modan dago tontor altuak igotzea eta mendi lasterketetan parte hartzea. Nola ikusten duzu zuk hori?

Agian aldatzen ari dela esango nuke, bai. Eta alde batetik zer pentsatua ematen du. Badirudi mendira ahalik eta azkarren joan behar duzula. Lehenago martxak zirenak ere galtzen ari dira, ia lasterketa bihurtu dira. Uste dut desberdintzen jakin beharko genukeela. Lasterketak direnean lasterketak dira, baina bestela joaten garenean lasai joan behar dugu, paisaiak ikusiz eta disfrutatuz. Nik uste dut mendiaz bestela ere gozatu behar dela.

Zein erronka duzu aurrera begira kirolari moduan?

Lasterketetan ondo pasatzea, gozatzea, eta lasterketa batzuetan, ahal dudanetan, aurrean ibiltzea. Ez dut beste mailako erronkarik.

############

di-da batean

Gustuko proba bat. Zegama-Aizkorri mendi maratoia.

Gustuko mendi bat korrikarako. Aizkorri.

Gustuko mendi bat igotzeko. Hiru Erregeen Mahaia.

Oporrak mendian ala hondartzan? Mendian.

Tontorra ala zelaia? Tontorra.

Mendia elurtuta edo elurtu gabe? Elurtuta.

Kirolari bat. Abraham Olano.

############

############

Sasieta anai-arrebak nagusi aneton

Gorka Azkaratek berri eman duenez asteburuan Ultra Trail Aneto proba gogorraren lehenengo aldia jokatu da Benasquen (Huesca, Espainia). Ibilbideak Pirinioetako gailurrik garaiena den Aneto eta bere mendi multzoa inguratu zuen, 64 kilometroan zehar 3.700 metroko igoera metatuz, eremu basati bezain zoragarrian barrena. Lasterketan bakarka zein bi-hiru laguneko taldeetan parte hartzeko aukera zuten korrikalariek. Ez zegoen inolako hornidura gunerik, eta lasterkariek debekaturik zuten kanpoko laguntza jasotzea. Honek guztiak nabarmenki gogortu zuen.

Lasterketan, beste askotan bezala, zenbait goierritarrek hartu zuen parte. Guztien artean nabarmentzekoa da Ezkio-Itsasoko Jaione eta Gorka Sasieta anai-arrebek egindako lasterketa. Talde mixtoen sailean (gizonezko eta emakumezkoez osatutako taldeen sailean) eurak izan ziren nagusi. Lasterketa ikaragarria osatu zuten, era honetako lasterketa luzeetarako dohain apartak dituztela erakutsiz. Uneoro elkarri lagunduz, 11 ordu eta 38 minutu behar izan zituzten Benasquen hasi eta amaitu zen ibilbidea osatzeko. Horrez gain, Jaione izan zen helmugara iristen lehen emakumezkoa, nahiz eta, berak eta Gorkak izena talde mixto moduan eman zutenez, antolakuntzak saria beste emakume bati eman zion.

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.