
2007-11-26 | 13:16:19
Emakumeak prostituziora behartzeagatik zazpi lagun atxilotu dituzte Ezkio-Itsasoko klub batean
Engainatuta ekarri eta klubetik irteten ez zietela uzten dio poliziak
Ezkio-Itsasoko klub batean emakumeak Brasildik engainatuta ekarri eta prostituziora behartzen zituztelakoan sare bateko zazpi kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak. Zenbait emakume atzerritar egoera irregularrean zeudela atzeman dute, eta engainuen bidez prostituzioan aritzera behartzen zituztela adierazi. Guztira 10 dira atxilotuak, zazpi Ezkio-Itsason bertan, eta Donostian, Iruñean eta Quintana de la Serenan (Badajoz, Espainia) bana.
2007-10-10 | 14:44:24
Ireki dute Igartubeitin Sagardoaren Astea, dolarean erakusketa eginez
Urriaren 17ra arte sagarra jo eta prentsatu egingo dute, antzezpenez eta kirikoketaz gain
Gaur goizean ireki dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan aurtengo Sagardo Astea. Astebetean ekimen ugari gauzatuko dituzte XVI. mendeko dolare berreraikiaren inguruan. Sagardoa ekoizteko lehendabiziko urratsak ezagutu ahal izango ditu ikusleak. Antzezpenak, kirikoketa saioak, Ezkio-Itsasoko sagar barietateen erakusketa... ere ikusi ahalko dira zazpi egunetan.
2007-06-20 | 13:45:52
Igartubeiti baserri museoko interpretazio gunea ireki dute
Baserriaren edukiak osatu eta sakondu nahi ditu 672 metro koadroko zentroak
Gaur eguerdian inauguratu dute Igartubeiti baserri museoaren interpretazio zentro berria. 672 metro koadroko gune honek, baserriak eskaintzen dituen edukiak osatu, sakondu eta gehitu egin nahi ditu, erreferentzia moduan euskal baserria hartuta. Interpretazio zentro hau egiteko, 2,6 milioi euro erabili dituzte. Zentro berria hiru gunetan banatzen da: erakusketa gunea, harrera gunea eta aisialdirako gunea. Erakusketa iraunkorraz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskainiko dituzte bertan, hala nola tailerrak, denda edota sagardoa dastatzeko gunea.
2007-05-31 | 17:58:54
Elkarlanean eta Herritarrak taldeek Udala erdibana kudeatzea proposatu dute
Hiruna zinegotzi hartuko lituzke bakoitzak, eta alkatetza txandaka
Ezkio-Itsasoko hauteskundeetan izandako berdinketaren aurrean, herriko bi taldeek (Elkarlanean eta Herritarrak) Udala eta alkatetza erdibana kudeatzea proposatu dute. Hala, talde bakoitzak hiruna zinegotzi hartuko lituzke, zazpigarrena hartzeari uko eginez. Alkatetza ere txandaka hartuko lukete, eta eztabaidak saihesteko, alkatearen boto bikoitza kentzea ere proposatu dute. Hauteskundeetako emaitzak berraztertzen ari dira oraindik. Hauteskunde Legearen arabera, berdinketa kasuetan zozketa bidez erabaki behar da alkatetza noren esku utzi, baina sistema hau ez dute begi onez ikusi herriko bi taldeek. Horregatik, elkarlanaren aldeko apustua egin dute bien arteko bileretan.
2007-05-30 | 13:25:42
Zozketa bidez erabaki liteke Ezkio-Itsason nork aginduko duen
Bozkak berriz aztertu eta kontatuko dituzte bihar, Azpeitian
Oraindik argitu gabe dago nork aginduko duen Ezkio-Itsasoko Udalean. Herrian aurkeztu ziren bi taldeek (Ezkio-Itsaso Herrikideak eta Ezkio-Itsaso Elkarlanean) berdinketa lortu zuten, bakoitzak 185 bozkarekin. Hauteskunde Legeak zehazten duen arabera, boto guztiak berriz kontatu behar dira aurrena. Gaur ziren kontaketa egitekoak Azpeitiko Hauteskunde Batzordean, baina «logistika arazoak» zirela tarteko, boto-paperak Bergarara eraman dituzte Azpeitira beharrean. Horregatik, bihar goizeko 10:00etan aztertuko dituzte botoak, Azpeitian. Berdinketaren kasua berretsiko balitz, Hauteskunde Legeak bi hautagaitzen artean zozketa egitea aurreikusten du, alkatetza noren esku geldituko den erabakitzeko. Hori, ordea, ez da bi taldeen gustukoa, eta bien artean akordioa ixtea posible ote den aztertuko dutela adierazi dute. Gaur arratsaldean dira bilera egitekoak bi taldeak, Ezkio-Itsason.
2006-12-23 | 19:25:42
Ustez ETAren arma gordeleku bat aurkitu dute Ezkion
Ehizako munizioz betetako bi bidoi aurkitu ditu hilerriko ermitan Guardia Zibilak, lurpean zeuden gordeta
Ezkio-itsason ustez ETAren arma gordeleku bat aurkitu du Guardia Zibilak. Ezkioko hilerrian dagoen Santa Marina ermitan, lurpeko zulo batean bi edukiontzi zeudela eta bakoitzean "ehizarako munizo kantitate garrantzitsua" zegoela esan dute polizia iturriek. Materialaren egoeragatik duela lau urtetik erabili gabe dagoela uste dute. ETAren arma biltegia izan daitekeela ere esan dute iturri berberek.
2006-12-23 | 11:11:54
Aurkitu dute Ezkioko mendizale desagertuaren gorpua Gredosen
Atzo goizean topatu zuten hilotza, herenegun aurkitutako makila baten ildotik
Hemezortzi egun erreskate lanetan jardun ondoren, atzo goizean aurkitu zuten Ezkio-Itsasoko Segundo Arratibel mendizalearen hilotza Gredoseko mendizerran (Avila, Espainia). Bilaketa lanetan zebilen taldeetako batek makila bat aurkitu zuen herenegun, hurritz makila, mendizalearen gertuko lagunek HITZAri adierazi diotenez Arratibelek mendian erabili ohi zuena. Aztarna horri jarraiki lokalizatu ahal izan dute; amildegi sakon batetik behera erorita, elurretan erdi estalita zegoen ezkiotarraren gorpua. Helikopterotik haren motxila ikusita jakin ahal izan dute kokapen zehatza. Gaur, larunbata, egingo diote Avilan autopsia hilotzari, Goierrira ekarri aurretik.
2006-10-03 | 20:29:13
Arratsaldean hustu egin du Ertzaintzak Ezkio-Itsason okupatutako Arantzazu hotela
Larunbatean sartu ziren eraikinean Urretxu-Zumarragako 15 bat gazte
Gaur arratsaldeko bostak inguruan hustuarazi egin du Ertzaintzak Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoan, Eitzako aldaparen barrenean kokatua dagoen Arantzazu hotel zaharra. Larunbatetik "okupatuta" zegoen eraikina, Urretxuko eta Zumarragako 15 bat lagunek osatutako taldeak, hain zuzen. Agip petrolio konpainiaren jabetzakoa da garai batean jatetxe eta hotel izan zen Arantzazu eraikina.
Festak
---
ORDIZIA, Ordizia - 2008-07-24
Festak
Santa Ana jaietako egitaraua
ORDIZIA, Ordizianko Gaztetxean eta Txosna gunean - 2008-07-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.